JOSEBA OTAEGIK irabazi du Gipuzkoako 1.mailako aizkora txapelketa

JOSEBA OTAEGIK irabazi du Gipuzkoako 1.mailako aizkora txapelketa

2012/10/12 | Orokorra

Joseba Otaegik Gipuzkoako txapel nagusia irabazi du, handikiro

Zizurkilgoak lehen aldiz irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa, 29 segundoko aldea kenduta Iñaki Azurmendi txapeldunordeari. Lanerdietatik aurrera hasi da nagusitzen Otaegi, eta une batez Azurmendirekin lehia estuan aritu baldin bada ere, ongi eutsi dio azken txanpako erritmoari txapeldunak. Hortaz, Otaegik erakutsi du iaz lortutako bigarren postuak eta gaur irabazitako txapelak, goranzko bidea ziurtaturik duela. Mujika izan da hirugarren. Zazpigarren egurrean hartu dio aurrea Olasagastiri, eta bigarren urtez podiuma osatu du. Olasagastik, aldiz, goitik behera egin du, pixkanaka. Aurreneko egurretan parean aritu da Otaegi eta Azurmendirekin, baina lanerdietatik aurrera, lehenengo bi postuetatik at geratu da. Txapartegi atzeratzen hasi da hirugarren egurretik aurrera, eta azkena sailkatu denez, heldu den sasoian berriro II. Mailan ariko da.

 

Martutene auzoan (Donostia) jokatu da Gipuzkoako Txapelketa. Bost aizkolari airtu dira lehian: Iñaki Azurmendi Peñagarikano (Arriaran, Beasain; 40 urte), Jexuxmari Mujika Elola (Ibarra; 35 urte), Joxemari Olasagasti Landa (           Igeldo, Donostia; 53 urte), Joseba Otaegi Saizar (Zizurkil; 29 urte) eta Luismari Txapartegi Gurrutxaga (Aizarna, Zestoa; 42 urte). Aizkolari bakoitzak hamarna pago-enbor ebaki ditu: 4 kanaerdiko (54 ontzako), 4 enbor 60 ontzako  eta 2 enbor oinbiko (72 ontzako).

 

Joxemiel Peñagarikanok plazaratu ditu egurrak, eta onak irten dira, hala baieztatu du Floren Nazabal aizkolariak (bertan izan da): “Oso egur onak izan dira, sagarra bezalakoak”. Beharbada, hori izan da arrazoietako bat hain denbora onak egiteko ; azken urteotako onenak. Hauek izan dira, bestalde, Joseba Otaegik adierazi duena, txapelketa amaituta: “Azken enborra ebaki arte ez dut txapela ziurtaturik ikusi, pentsatzen bainuen Azurmendik erritmoa bizituko zuela. Gainera, lehen ere gertatu izan zait azken hiru egurretan sartu eta trabatzea”.

 

 

Argazki galeria

 

Erantsitako artxiboak