Euskadiko 1.mailako aizkora txapelketako Kanporaketa

Euskadiko 1.mailako aizkora txapelketako Kanporaketa

2012/10/29 | Orokorra

Nazabal nagusitu da, eta ondu egin du kanporaketako marka

 

Etxarriarrak egin du Maila Nagusiko Aizkora Tapeletako kanporaketako denborarik onena (15:13) eta hiru segundoan ondu du Angel Arrospidek 1986an eginiko marka. Hortaz, 26 urte iraun du Arrospideren markak, gaur Nazabalek ondu duen artean. Gainera, hamargarren urtez lortu du Nazabalek kanporaketako denborarik onena egitea erreskadan. Garailearekin batera, Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño eta Joxemari Olasagasti sailkatu dira finalerako. Finala azaroaren 18an jokatuko da, Arbizun. Hortaz, Jon Rekondo, Jexuxmari Mujika, Antonio Senosian eta Luixmari Txapartegi finaletik at geratu dira. Aitor Senosiain eta Juan Jose Lopez, berriz, finaletik at geratzeaz gain, maila galdu dute.

Nazabal, Atutxa eta Otaegi, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak izan dira aurten, eta argi utzi dute sasoi-sasoian daudela. Otaño eta Rekondo II. Mailatik heldu dira berriro, eta Otañok finalera sartzea lortu du. 2007an sailkatu zen azken aldiz finalerako, eta txapeldunorde izan zen. Ondoren, bi urteko zigorra jasi zuen eta 2010ean jardun zuen berriro, III. Mailako txapela jantzi zuelarik. Iaz II. Mailan aritu zen, eta horretan ere, txapela jantzi zuen. Rekondori dagokionez, 2010ean galdu zuen Maila Nagusia, iaz II. Mailako finala jokatu zuen, eta txapeldunorde izan zen Otañoren atzetik sailkatu zela. Horrenbestez, iazko finalarekin alderatuta, Lopez eta Txapartegi geratu dira aurten finaletik at. Aldiz, Otaño eta Otaegi ariko dira berriro.

 

Maila galdu dutenei dagokienez, Juan Jose Lopezek bost urte egin ditu Maila Nagusian erreskadan, baina aurten oso denboraldi esakasa burutu du, eta gainera, azkenaldian osasun arazoak jota ibili da. 1996an aritu zen Maila Nagusiko kanporaketan, lehen aldiz. Gero mailaz jaitsi eta igo aritu zen 2007a arte. Aitor Senoisianek 2005ean jokatu zuen lehendabiziko Maila Nausiko kanporaketa. Ondoren II. Mailan aritu zen 2006 eta 2007an, eta 2008an jardun zuen berriro Maila Nagusian. Hortaz, bost urtez aritu da onenen artean erreskadan.

Elizondoko (Nafarroa Garaia) Baztan pilotalekuan jokaturiko kanporaketa 12:30etik aurrera. Hamabi aizkolari aritu dira hiru txandatan banatuta, hurrenez hurren: Jexuxmari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa), Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, Nafarroa), Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa) eta Joxemari Olasagasti (Igeldo, Gipuzkoa); Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia; 24 urte) , Iñaki Azurmendi (Arriaran, Beasain, Gipuzkoa; 40 urte), Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa; 29 urte) eta Aitor Senosiain (Olague, Nafarroa; 36 urte); Luis Txapartegi (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa; 43 urte), Antonio Senosiain (Olague, Nafarroa; 48 urte), Unai Otaño (Ibarra, Gipuzkoa; 35 urte) eta Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa).

Aizkolari bakoitzak seina pago-enbor ebaki ditu: Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Pilotalekuan 300 ikusle izan dira saioa zuzenean ikusten.

 

Lehen txandari dagokionez, Nazabalek lehen aizkorakadatik hartu du aurrea, eta sasoian jardun du txanda osoan denborarik onenak eginez egurrez egur. Erritmo bizian aritu da, eta Arrospidek zuen marka on zezakeela ohartu denean, are eta biziago ekin dio, eta gozatuz gainera. Olasagastik eta Mujikak oso lehia estua izan dute. Mujika aritu da aurretik lanerdiak arte, baina bigarren oinbikoa ebakita aurreratu da Igeldokoa. Lopez atzeratzen hasi da lehen oinbikotik.

Bigarren txanda izan da lehiatuena. Egia da Atutxak lehen egurretik eman diela bizkarra gainerako hiru kontrarioei, baina amaiera aldera dezente hurbildu zaizkio Otaegi eta Azurmendi. Hala ere, Atutxak ez du arazo berezirik izan txanda irabazteko eta kanporaketan bigarren sailkatzeko. Aldiz, Otaegi eta Azurmendiren arteko norgehiagoka azken enborrean argitu da.    

Hrugarren eta azken txandan, Otañok eta Rekondok izan dute borrokarik estuena finalerako txartel bat eskuratzeko. Parean aritu dira lanerdietan, baina handik aurrera Otañok erritmoari eutsi egin dio, baina ez Rekondok. Senosiainek eta Txapartegi k ere borroka estua izan dute maila ez galtzeko, eta azkenean, biek lortu dute maila eustea.

2012kokanporaketako Sailkapena: Elizondo (Nafarroa Garaia), urriak 28

  1. Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz, Nafarroa):                15:13
  2. Aitzol Atutxa (Dima, Gipuzkoa):                              17:34
  3. Joseba Otaegi (Zizurkil, Asteasu):                            17:48
  4. Iñaki Azurmendi (Arriaran, Beasain, Gipuzkoa):         18:09
  5. Unai Otaño (Ibarra, Gipuzkoa):                                18:18
  6. Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia, Gipuzkoa):    18:38
  7. Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa):                               19:10
  8. Jexuxmari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa):                       19:12
  9. Antonio Senosiain (Olague, Nafarroa):                      20:21
  10. Luis Txapartegi (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa):            20:48
  11. Aitor Senosiain (Olague, Nafarroa):                          21:17
  12. Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa):                        22:12

 

Argazki galeria