IBARRA TXAPELDUN Euskalherriko goma gaineko sokatira txapelketan 600 kiloko kategorian

IBARRA TXAPELDUN Euskalherriko goma gaineko sokatira txapelketan  600 kiloko kategorian

2013/03/09 | Orokorra

Ibarrarentzat 600 kiloko txapela aurrenekoz

 

Gizonezkoen 600 kiloko txapela jantzi du Ibarra talde gipuzkoarrak lehendabizikoz, gaur, kitarakoan Abadiño menderatuta. Horrela, Abadiñore urte askoko nagusitasuna hautsi du Ibarrak. Emakumezkoen 500 kilokoan ere, Ibarrak urratsa egin du txapela bururatzeko, Badaiotzi bi tiraldiak irabazi baitizkio.

 

2013ko goma gaineko Euskadiko Txapelketako laugarren txapela erabaki da gaur (martxoak 9), Ibarran (Gipuzkoa). Txapelketako zazpigarren saioa jokatu da bertako kiroldegian, 140 ikusle bertan zirela.

Gizonezkoen 600 kiloko finalari dagokionez, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Abadiño (Abadiño, Bizkaia), Iparralde (Urduliz, Bizkaia) eta Murueta (Murueta, Bizkaia) aritu dira lehian.

Ohi bezala, ligaska eran jokatu da finala. Aurrez, zozketa egin da txandak erabakitzeko, eta Abadiño-Iparralde izan da saioari ekin dion txanda; bi tiraldiak irabazi dituzte gaur arte txapeldunak zen Abadiñok. Ñapurrakek Muruetaren aurka neurtu ditu indarrak eta lapurtarrak nagusitu dira, bi tiraldiak eramanda. Ibarrak eta Sokarrik eman diote amaiera lehen itzuliari; Ibarra gailendu da.

Bigarren itzulian, Ñapurrak eta Ibarra lehiatu dira; hots, sailkapen ligaskan lehen eta bigarren postuan amaitu zutenak; bi tiraldiak irabazi ditu Ibarrak, minutu eta erdian. Hortaz, lehen aukera galdu du Ñapurrakek txapelaz jabetzeko. Lapurtarrek Sokarri menderatu dute ondoren, baina galdu egin dute Abadiñoren aurka, bi tiraldiak galduta (01:05 eta 02:00). Azken itzulian Iparralde menderatu dute, eta hirugarren postuan sailkatu dira.

Txapelaz jabetzeko, beraz, Ibarra eta Abadiño ziren hautagi sendoenak. Gainera, saioari ikusmin handiagoa sorrarazteko, azken txandan borrokatzea suertatu zaie. Aurrez, Ibarra txapeldunak Sokarri, Ñapurrak, Iparralde eta Murueta menderatu ditu, hurrenez hurren. Abadiñok bere aldetik, Iparralde, Sokarri, Murueta eta Ñapurrak. Beren arteko lehian, berriz, Abadiñok eraman du lehen tiraldia, Azarola epaileak hiru falta adierazi baitizkio Ibarrari (03:52). Bigarren tiraldia jokatu aurretik, Abadiñok aldaketa bat egin behar izan du, Mikel Barandika ondoezik sentitu baita. Bere lekuan Fernando Zumaquero aritu da. Tiraldi hori hasieratik eraman du Ibarrak (02:00). Hortaz, ligaska amaitu eta gerorako geratu da txapelaren erabakia, kitarakoan erabakitzeko alegia.

Sokarri sailkatu da laugarren postuan, Ibarra, Abadiño eta Ñapurraren aurka galdu, eta, Iparralde eta Murueta menderatuta. Bosgarren Iparralde izan da, Abadiño, Ibarra, Sokarri eta Ñapurraken aurka galdu eta Muruetari irabazi ondoren. Muruetak denen aurka galdu du, tiraldirik irabazi gabe.

 

Ligaskako sailkapena:

1. Ibarra:                    13 tanto

    Abadiño:                 13 tanto

3. Ñapurrak:               9 tanto

4. Sokarri:                   6 tanto

5. Iparralde:               3 tanto

6. Murueta:                0 tanto

 

Ondoren, Ibarra eta Abadiñoren arteko kitarakoa jokatu da berehala, nork jarriko txapela erabakitzeko. Bi tiraldiak irabazi dituzte gaurko txapeldunek. Lehen tiraldian hasieratik eraman du bere aldera soka Ibarrak, minutu eta 54 segundoan. Bigarren tiraldian gehiago kosta zaie soka beren aldera eramaten Ibarrakoei (02:32), baina azkenean, merezimenduz irabazi dute txapela.

Ondoko tiralariak aritu dira Ibarraren zortzikoan: Joxemi Uranga, Beñat Jauregi, Joxeluix Agirre, Haritz Ugarte, Galder Ajuria, Mikel Arsuaga, Aritz Goiri eta Lander Otermin. Angel San Roman izan dute prestatzaile eta Imanol Otermin ordezko tiralaria.

 

2013ko gizonezkoen 600 kiloko txapelketako azken sailkapena

  1. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa):             6 puntu (13 tanto)
  2. Abadiño(Abadiño, Bizkaia):            5 puntu (13 tanto)
  3. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi):         4 puntu (9 tanto)       
  4. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia):        3 puntu (6 tanto)
  5. Iparralde (Urduliz, Bizkaia):           2 puntu (3 tanto)
  6. Murueta (Murueta, Bizkaia):           Puntu 1 (0 tanto)

 

Argazki galeria