Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren OHARRA

2017/07/12 | Orokorra

Donostian, 2017ko uztailaren 12an

 

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak atsekabe eta etsipen handiz jaso ditu Alex Txikonek egindako, eta zenbait hedabideetara helarazitako, adierazpenak; 2017ko uztailaren 1ean Azpeitian jokatutako desafioari buruzkoak.

 

Herri Kiroletan federatutako kirolariek, soberan dakite desafio bat hitzartzen denean, lehiakideek beraiek direla probaren antolaketa materialaz arduratzen diren bakarrak. Federazioak, probaren kirol-arloko kontrola baino ez du bere gain hartzen. Asmo horrekin, bada, kontrola bete zedin, aipatutako desafioaren arduradunek epaileak eskatu zizkioten federazioari. Halako jardunaldietan, araudia ez du Federazioak ezartzen, lehiakideek baizik. Beraz, epaileen lana hauxe da soilik: lehiakideek adostutako araudia bete dadin ziurtatzea, beti ere egun indarrean dagoen Araudia betearaziz.

 

Edozein motatako desafio batean parte hartzen duen orok, nahi adina laguntzaile, prestatzaile, mediku...eta abar eraman ditzake, proba kontrolatu eta gainbegiratu behar duten federazioko epaileei, aldez aurretik eta behar bezala, adierazi eta gero.

 

Apustua baino eta ordu erdi lehenagoko bileran, federazioko epaileek, zenbait momentutan gatazkarik egon zitekeela aurreikusita, eskaera egin zieten laguntzaileei: zehatz zezaten kirolariek laguntzarik jaso ahal izango luketen ala ez. Kirolarien ordezkariek baietz erabaki zuten, kirol mota batetik bestera aldatzeko garaian lehiakideek laguntza jaso ahal izango zuketela, arropa erantzi edo janzteko, adibidez. Bilera hartan adostu zuten ere, hala baitago araudietan hitzartuta, korrika egiten ari ziren bitartean, lehiakideek ezin izango zutela "kanpotik zetorren" laguntzarik jaso. Soilik, eta alde bietako onespenarekin, lehiakideen laguntzaileak lirateke arropa, ura, freskagarriak, bitamina-osagarriak...eta abar eman diezazkioketenak; beti ere, noski, kirol-proba batean onartuta dauden produktuak izanik.

 

Dagokigun kasuan, guztiz faltsua da, epaileek Alex Txikoni bere laguntzaileek esfortzua errazteko eskaini zioten edozein produktu edo sustantzia hartzea debekatu izana. Federazioko epaile bakar batek ere ez zion debekatu Alex Txikoni bere laguntzaileengandik zetorren produktu edo sustantziarik hartzea. Edozein jardunaldiren ostean bezala, federazioak lehiakideei anti-dopina egiten dienez, kirolariek hartutako sustantzien kontrol zehatza modu bakarrean egin daiteke; hain zuzen ere, sustantzia horiek, soilik, akreditazioa duten kirolarien laguntzaileek emanda. Debekatuta dago, beraz, haiek ez diren edozein pertsona kirolariei hurbiltzea bai laguntza emateko eta baita edozein sustantzia mota helarazteko. Araudiari dagokionez, erabat ezinezkoa da "arrotz" batek legez kanpoko produktu edota sustantziaren bat kirolariei ematea.

 

Alex Txikonek zorabioa jasan bazuen, proba aurretiko prestakuntza behar bezala egin ez zuelako izan zen soilik, eta baita, beren jarrerarekin, kirolaria maila hartaraino ahultzea onartu zuten laguntzaileengatik ere. Federazioko epaileek beraiek gomendatu zieten laguntzaileei, gomendatu besterik ezin zezaketen egin eta, desafioa bertan behera uztea. Mota honetako jardunaldietan adituak dira, eta ordurako jada jabetuta zeuden bere egoera fisikoa erabat kaskarra zela.

 

Txikon Jaunak ere aipatzen dituen "federazioaren interesei" buruz, zera esan dezakegu: herri-kiroletako federazioa neutrala dela beti, erabat neutrala; beraz, guztiz faltsua da erakunde honek, Alex Txikonek modu hain bidegabean adierazita bezala, "ez dakit zer interes" aurrera eraman nahi izatea. Erdi Aroko egoera berak sortu zuen, hedabideetan azaltzen den bezala, saihetsak printzatuta zituela ikusleenganako errespetu falta agerian geratzen delarik.

 

Txikon Jaunaren adierazpen guztiak, maila goreneko kirolaria izanik, erabat desegokiak iruditzen zaizkigu, eta argi eta garbi adierazi digute desafioan jasandako porrotaren atsekabearen ondorioa besterik ez direla. Esan dezakegu gure Herri Kirolari mesede kaxkarra egin diola jarrera honek.